2016/09/22

Maskotei buruzko arautegi berriaren aplikazioa

-

Maskotei buruzko arautegi berria Arrigorriagan antzemandako behar batetik sortu zen, txakurrak dituzten herritarrek eta gainerako herritarrek partekatzen dituzten esparruen bizikidetza arautzekoa alegia, alde biek esparruez arazorik gabe gozatzeko eta begirunean oinarritutako bizikidetza lortzeko. Herritarrek euren ideia eta iradokizunak plazaratu zituzten prozesu parte-hartzaile batetik abiarazita, ondoren arautegia gardentasunez moldatuz joan zen eta azkenean, inplikatutako talde guztiekin bidezkoa izan nahi duen arautegia sortzea lortu da.

Behin mugak eta ordutegiak adostasunez zehaztuta zeudela, informazio-kanpaina abiarazi zen kartel, posta eta komunikabideen bitartez, baina, batez ere, kalean bertan herritarrak era pertsonalizatuan informatuz. Informazio-kanpaina ekainean bukatu zen, baina uda zela eta iraila arte luzatu zen. Orain beste fase bati emango zaio hasiera, eta Udaltzaingoaren ardura izango da arautegia betearazten dela ziurtatzea. Horretarako, arautegia urratzen dutenei zigor-neurriak ezarriko dizkiete.

Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak hartutako neurria ulertzeko eskatzen dizue, bai eta eskertu ere; izan ere, era horretan udalerria bizikidetza- eta begirune-eredu bihurtuko da.


Atzera