2016/10/27

Indarkeria gazteen ikuspuntutik

-

Arrigorriagako Udaleko Gazteria Sailak antolatu du topaketa EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta Bakeola zein Gernika Gogoratuz elkarteen lankidetzarekin. Azaroaren 12an, larunbata, egingo da, eta bertan indarkerian sakonduko da “Gazteak biolentziaren aurrean: bizikidetza sustatuz” izenburupean.

Gaztegunean goizeko 10:00etatik 14:00etara egingo den topaketaren xedea da hausnarketarako dinamika bat bultzatzea, non hainbat errealitateko gazteek galdera hauek iradokitzen dietena partekatu ahal izango duten: zer iritzi dugu gazteok indarkeria politikoari buruz? Zer indarkeria mota daude eta nola identifika ditzaket? Zer aurreiritzirekin bizi gara eta nola eragiten diete gure harremanei? Nola eratzen ditugu “arerio” eta “adiskide” kontzeptuak? Nola justifikatzen ditugu gure kontraesanak eta besteenak? Eta, batez ere, nola kudeatu ahal ditugu sortzen diren gatazka eta adostasun ezak?

Alde batetik, inguru zehatz batean jaio, hazi eta erlazionatzean pertsona orok eratu dugun arrazoibideari buruzko gogoeta egiteko espazioa sortu nahi da; horrela, era ezberdinean pentsatzen eta sentitzen duten beste gazte batzuek prozesua nola bizi izan duten ulertu ahal izango dugu. Beste alde batetik, gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko tresnen berri emango da giza eskubideen ikuspuntutik.

Jarduera egin ahal izateko, gutxienez, 10 eta 15 gazte bitarteko taldea osatu behar da. Gainera, 18 eta 30 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Topaketa are aberasgarriagoa izango da askotariko profilak batzen badira. Parte hartzeko, Gazteguneko langileekin harremanetan jarri urriaren 28a baino lehen.


Atzera