2017/03/16

Arrigorriagako Irisgarritasun Planaren Eguneraketa

Herritar guztien eskaerak jasoko ditu, parte hartze prozesu zabala egingo baita, eta genero ikuspegiari arreta berezia emango zaio

-

Herritar guztien eskaerak jasoko ditu, parte hartze prozesu zabala egingo baita, eta genero ikuspegiari arreta berezia emango zaio


Aurreko plana idatzi zenetik 13 urte baino gehiago igaro dira, eta 8 urte baino gehiago udalerriko hiri diagnosia generoaren ikuspegitik egin zenetik; horrenbestez, udalerriak gaur egun bizi duen egoerari eta, batez ere, herritarren beharrizanei hobeto egokituta egongo den Irisgarritasun Plan berria egitea komenigarria dela uste du Arrigorriagako Udalak. 

Plan berria garatzea Projekta enpresaren esku utzi da, 33.880 eurotan (BEZa barne); berrikuntza nagusi gisa, parte hartze prozesu zabala egingo da, eta hainbat foro orokor eta zehatz antolatuko dira; genero ikuspegiak garrantzia berezia izango du.

Indarrean dagoen legegintzaldi planean jaso bezala, gobernu taldeak herritar guztiekin hartu duen konpromisoa erabatekoa da, eta espazio publikoa erabiltzea herritar guztien eskubidea dela ulertzen da, aniztasun soziala, kulturala, adinari edo generoari dagokiona gorabehera.

Horren haritik, Irisgarritasun Planaren helburua Arrigorriaga hobea izatea lortzea da, herritarren gehiengoaren beharrizanei erantzuna emango diena, zailtasun gehien dituzten pertsonen bizitza erraztuko duena eta herriko kale eta plazetan bizitzea sustatuko duena.

Helburua betetzeko beharrezkoa da, lehendabizi, herritarren eskaerak ezagutzea eta neurri zuzentzaileak behar dituzten lekuak aztertzea; horretarako lehentasunak ordenatu behar dira. Beraz, lehenengo urrats metodologikoa parte hartze foroak sortzea izan behar da, gabeziak antzemateko eta proposatzen diren jarduketetarako lehentasun mailak finkatzeko.

Ahal bezain ikuspegi konplexu, anitz eta osatua lortzeko, sei foro finkatu dira:  udal foro tekniko bat, alderdi politikoek eta elkarteek parte hartzeko foro bat, irisgarritasuneko foro zehatz bat, generoko foro zehatz bat, herrigunean herritarrek parte hartzeko foro bat eta beste bat, berdina, Abusun.

Foroak prozesuko hiru une desberdinetan deituko dira. Lehenengo eta behin “hiri inklusiboari” buruzko informazioa hartzeko eta gabeziak antzemateko; bigarrenez, aldez aurreko diagnosiari ekarpenak egiteko eta proposatutako jarduketak lehenesteko; hirugarrenik, azken deialdia, prozesuaren emaitza azaldu eta Arrigorriagako Irisgarritasun Plana aurkezteko, hirigintza inklusibo eta iraunkorraren ikuspuntua izango duena, hain zuzen ere.

Herritarrak sentsibilizatzean, kontzientziatzean eta inplikatzean datza, gure egunerokotasunean baliagarriak izan daitezkeen alderdiak lantzeko; horretarako hasierako bileren egutegi hau prestatu da:

Lehenengo foro teknikoa martxoaren 20an batuko da, 12:00etatik aurrera; egun berean, 14:00etatik aurrera, alderdi politikoen eta elkarteen foroa bilduko da.

Irisgarritasuneko foro zehatza asteazkenean bilduko da lehen aldiz, martxoaren 22an, 19:00etatik aurrera; egun berean, goizean, 12:00etatik aurrera, generoko foro zehatza lehen aldiz batuko da.

Herriguneko herritarrek parte hartzeko foroaren lehen bilera astearterako aurreikusi da, martxoak 28, 19:00etan; Abusukoa, berriz, hilaren 30ean batuko da, ordu berean. Azken foro hori Abusu Zentro Soziokulturaleko ekitaldi aretoan batuko da; gainerako foroak udaletxean batuko dira, prentsa aretoan edo pleno aretoan, edukiera beharrizanen arabera.


Atzera