2016/11/10

Arrigorriaga Zabaltzen plataformak komunikazio-bide berriak irekiko du

Arrigorriaga Zabaltzen atariak komunikazio-bide berriak irekiko du udalaren eta herritarren artean

arrigorriaga_zabaltzen_presentación

Plataforma berriaren atalen artean egongo dira udaleko ekintzei buruzko berriak, udaleko kudeaketari buruzko informaziorik garrantzitsuena jasoko duen gardentasunaren atala eta topaketa birtualak gauzatzeko aukera. Topaketa birtualen foro irekian alkateari galderak egin ahal izango zaizkio zuzenean edo udaleko gaiei buruzko kezkak adierazi ahal izango dira. Gutxi gorabehera hilero egun eta ordu bat finkatuko dira alkateak edo arlo zehatz bateko zinegotziak (hala behar baldin bada) herritarrek planteatutako gaiei zuzenean erantzuteko.

Topaketa horiek zuzeneko parte-hartzea duen komunikazio-bide bat irekitzen dute bizilagunekin, baina, horrez gain, atalik berriena Kalezaindu deritzona da. Doako tresna berri horri esker, herritarrek udalari jakinarazi ahal izango diote modu azkarrago eta eraginkorrago batean kalean ikusten dituzten akatsak edo gabeziak; horrela, udalak ahalik eta arinen konponduko du arazoa.

Bi modu daude gorabeheren berri emateko: alde batetik ordenagailu bidez, ARRIGORRIAGA ZABALTZEN atarian, eta beste alde batetik mugikorraren bidez, ARRIGORRIAGA ZABALTZEN doako aplikazioa deskargatuta Google Playn edo App Storen. Aplikazio hori erabiliz, modu sinple eta intuitiboan, interesekotzat jotzen den edonolako matxura, kalte, apurtze edo gorabehera jakinarazi ahal izango da. Horrez gain, argazki bat ere bidali ahal izango da, eta udalak irtenbidea emango dio arazoari.

Aplikazioan udalerriko mapa bat agertuko da, eta bertan agertuko dira gorabehera guztiak eta horien egoera –irekita, prozesuan edo konponduta–, konpontzen diren arte. Gainera, mezu bat bidaliko da erantzuna emanez eta jakinarazitako matxuraren konponketa lanak nola doazen adieraziz. Bizilagunen laguntzari esker kokapen- eta konpontze-denborak hobetuko dira, guztion artean Arrigorriaga hobe bat eraikitzeko.


-
Atzera